Azken jardunaldietan berdintasuna eta markagailu estuak nagusi izan baziren ere, Bizkaia Torneoko bi finalak bi jokotan erabaki ziren trinketean. Dutaret-Argitxu bikoteak emakumezkoen gomazko paletako txapelak eskuratu zituen, eta Urdanoz-Iribarren bikoteak, gizonezkoen larruzko paletakoak.
Emakumezkoen finalean, Haizea Salanueva eta Paula Gorostiaga aurretik jarri ziren markagailuan eta frantziar bikoteari aurre egin zioten. Seina berdindu ondoren, ordea, Dutaretek eta Argitxuk hartu zuten partidaren agintea. Argitxu atzelaria sendo aritu zen, eta frantziarrek beren erritmoa ezarri zuten txapelak eskuratu arte.
Larruzko paletako finalean, Indurain-Ramos bikoteak indartsu ekin zion partidari eta hasieratik aldea hartu zuen. Urdanoz-Iribarren bikoteak, ordea, ez zuen amore eman: markagailuari buelta eman eta lehen jokoa tanto bakar bateko aldeaz irabazi zuen.
Bigarren jokoan, Mikel Iribarren izan zen protagonista. Atzelari nafarrak partidaren erritmoa markatu zuen, eta Urdanoz-Iribarren bikoteak garaipena berretsi eta txapelak eskuratu zituen.
Testua eta argazkiak: INNPALA
