Euskal Herrian pilota jokoa dibertimendua zen, olgeta, eta aldi berean inguruko herri eta lurraldeekin harremanetan jartzeko modua. Herritar guztiek jokatzen zuten, denek denetara, klase sozialen araberako bereizketarik gabe. Herriak edota villak ikuskizunean parte hartzen zuen, eta udal erakundeak arduratzen ziren jokalekua egoera onean mantentzen eta erabilera publikorako bideratzen. Honela bada, pilota jokoa herrietako kale eta plazetan kokatu zen, udaletxetik edo elizatik hurbil, erabilera publikorako eta bereziki jaiegunetan herriaren topaleku ziren tokietan. Pilota jokoa ez zen desagertu, bai ordea zeharo eraldatu, zehatz definitutako kultur adierazpena bilakatzeraino, bere ezaugarri gorenak ezker-hormako frontoia eta plekako jokoa dituelarik.
Jokoaren ezaugarriak finkatu ondoren, lehen lekukoek joko luzea aipatzen zuten. Joko hori herri eta hirietako kaleetan jokatzen zen, espazio zabaletan alegia, eta jokalekuaren neurriak kalearen edo plazaren araberakoak izan ohi ziren. Sakea kalearen muturretik egiten zen, botaharria zegoen lekutik, eta alboetako hormak, bazirenean, muga gisa erabiltzen ziren. Sakea beti esku garbiz egiten zen, baina ondoren, jokoan zehar eskua, eskularrua edota pala erabil zitezkeen.
XVIII. mendearen amaiera aldera jokalekuak arautzen hasi ziren, eta orduan joko luzeaz gain errebote jokoa ere aipatzen hasi zen. Orduko obretako planoei eta obra-baldintzen dokumentuei esker, gaur badakigu joko luzeak 100 m luze inguru hartzen zuela, sakeko marratik hasita, hots, botaharria zegoen lekutik, errestoko marra edo mugaraino. Errebote jokoan, aldiz, espazioa murriztu egin zen eta errestoaren eremuan horma bat ipini zen: sakeko frontoi edo erreboteko horma; horma honen albo-alboko zorua lauzaz estalita zegoen eta zati horri erreboteko zoladura deitu zitzaion. Bestetik, botaharria plazaren erdira ekarri zen, sakeko frontoira edo erreboteko hormara begira.
Plazak, beraz, bi zoladura mota zituen: alde bat lauzaz estalita, eta gainerakoa lur trinkoz; bien arteko muga berriz, erreboteko marra zen. Lauzaz estalitako zatia horma bakarrez edota hiru hormez mugatua egon ohi zen, eta nabarmen bereizita agertzen zen plazan.
Bereziki eremu horretan eragingo zuten udalerriek harrezkero egingo zituzten konponketek. Lauzaz estalitako eremu horri errebotea edo plekako jokoa deitu zitzaion, nahiz sarritan debekatu egin zen bertan plekako jokoan aritzea. Egin ziren konponketa eta aldaketa haiek dira, hain zuzen ere, jokoaren bilakaera pausoz-pauso erakusten digutenak: erreboteko frontoiaren eskuin-horma kendu zen, ezker-horma berriz luzatu, eta zoladuraren noranzkoa aldatu, ezker-hormak markatutako noranzkoari jarraiki. Plekako jokoa, Gorosabelek aipatzen zuen haur jolas hura, ez da besterik horma bat erabiltzea baino, baliabide sinple eta oinarrizkoa, edozeinen eskura dagoena, eta 1509an lehen aldiz Bilbon aipatua izan zenetik, gutxi-asko beti erabili izan dena.
Marrak edo sokak, jokoaren eremua mugatzen zutenak, jarraitu egingo dute frontoian ere eta, hortaz, alboko marra (edo zoladurarena) erabiliko da, bai eta erreboteko soka bertikalak ere, jokalariari jokoa neurtzen laguntzen ziotenak eta ordutik koadro izenez ezagutzen direnak. Sakeko marra eta pasako marra ipini ziren, eta pilotak frontoiko soka edo marra gainditu behar zuen, zeina frontisean edo frontoi nagusian lurretik 1,18 metroko altueran kokatutako burdinazko txapa batez markatu zuten. Sakeko marra 3. edo 4. koadroan ipini zen, joko modalitatearen arabera, hau da eskuz, palaz, eskularruz, zestoz edo xisteraz, eta pasako marra berriz 7. koadroan beti.
Eszenatoki berriaren tamaina edozein herritarako aproposa eta egokia zen: 11x11 metroko frontisa, eta ezker-hormaren garaiera ere 11 metrokoa. Frontoiaren luzera berriz, aldatu egiten zen eta hor ditugu, esaterako, 1885eko Azpeitiko Vista-Alegre Pilota Jokoa, 32 metrokoa, eta 1895eko Bilboko Euskalduna Frontoia, 64 metrokoa. Neurriak edozein zirela ere, frontisa egiteko eta zoruko lauzak ipintzeko kontratista apartak behar ziren, trebetasun handikoak; hala eskatzen zuen materialen kalitateak eta jatorriak, harlanduen eta lauzen tamainak, eta azkenik, lana egiteko orduko baldintzek.
Frontoia, inongo zalantzarik gabe, gure herriaren berrikuntzarako gaitasunaren fruitua da, gure kulturak pilotaren joko unibertsalari eginiko ekarpena. Frontoia, eta bereziki esku-pilota (pala, laxoa, xistera edo zestoa ahaztu gabe, tresna ezagunenak aipatzearren), etengabeko sormen prozesuan bizi den gizarte baten fruitu dira, aldi berean tradiziotik jasotako ezagutza errespetuz tratatzen duen gizartearena. Egia da joko berrian, euskal pilota jokoan alegia, antzinako joko luzearen eta errebote jokoaren aztarnak badirela, baina halaber, joko berria definitzen duten elementu berriak sartu ditu, hala nola, joko-tresnak eta modalitate bakoitzari dagokion pilota mota, eta jakina, oroz gain, jokorako espazioa: frontoia.
Textua: Amaia Basterretxea dk.
Iturria: “Euskaldunen pilota jokoa / El juego vasco de la pelota”
Euskal Museoa. Bilbao. Museo Vasco, 2009.